XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Alokairua eta lanaren produktu marjinala berdinak dira

Hau da, enplegua unitate bat murriztuko balitz galduko litzatekeen balioa eta pertsona enplegatuaren alokairua berdinak dira (ekoizpenaren beherapen honek sauhestuko lukeen beste edozein kostu kenduta); hala ere, zenbait printzipiok bultzatuta, berdintasun hori alda daiteke, baldin eta lehiakortasuna eta merkatuak perfektuak ez badira.

II. Alokairuaren baliagarritasuna, lan-bolumen jakin bat erabiltzen denean, eta enplegu-kopuru horren baliagarritasun marjinal eza berdinak dira

Hau da, pertsona enplegatu baten benetako alokairua, benetako eskulan-bolumenaren enplegua merkaturatzeko doi-doi nahikoa den alokairua da (enplegatuak daudenen ustez); beti ere, lan-unitate erabilgarrien konbinazioek eskulan-unitate indibidual bakoitzaren berdintasuna alda dezaketenaren baldintzapean, lehiakidetasunaren perfekziorik ezak lehenengo postulatua baldintzatzen zuen moduan.

Baliagarritasun eza delako kontzeptua, gizaki batek edo gizaki-talde batek berarentzat muga batetik behera dagoen baliagarritasuneko alokairuaren truke lan egitea onartu baino lehen bere lana alde batera uzteko eduki dezakeen edozein arrazoiren gisara ulertu behar da.

Postulatu hau langabezia frikzionala dei daitekeenarekin bat dator, zeren eta mundu errealean egin daitekeen interpretazioak enplegu bete jarraituaren egoeran dauden doikuntza-akats batzuk zilegitzat onar baititzake: esaterako, baliabide espezializatuen aldi baterako desorekaren ondoriozko langabezia, kalkulu-akatsak edo eskariaren etenaldiak direla-eta; edota aurreikusigabeko aldaketen ondoriozko denbora-atzerapenak; edo lan batetik bestera aldatzeko behar den derrigorrezko denbora.

Beraz, estatikoa ez den gizartean beti egongo da lanpostuen artean enplegatu gabeko baliabide-proportzio bat.

Langabezia frikzionalarekin bat etortzeaz gain, postulatu hau borontatezko langabeziarekin ere bat dator, lan-unitate batek gaitasunik ez duelako produktibitate marjinalari dagokion produktuaren balioari legokiokeen ordainsaria onartzeko, edo ordainsari hori errefusatu egingo lukeelako, hainbat arrazoi direla medio: legeria edo gizarte-praktikak, negoziazio kolektiboaren elkarrekintza, aldaketa ekonomikoetara egokitzeko geldotasuna, edota, besterik gabe, gizakiaren seta direla medio.

Izan ere, bi langabezi mota horiek, alegia, langabezia frikzionala eta borontatezko langabezia, ulergarriak dira.